Jardun tokian-tokian, Hirien Mundu Egunean

Urriaren 31 honetan, Hirien Mundu Eguna itzuliko da, urbanizatzean arreta jarri eta hiri-garapen iraunkorra sustatzeko. Parte har ezazu, zure hiria toki hobea izatea lortzeko!

Hirien Mundu Eguna

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2014an onartu zuenetik, Hirien Mundu Eguna egun giltzarria bihurtu da esperientziak eta ideiak partekatzeko, hiri berdeagoak, berdinzaleagoak eta irisgarriagoak lortze aldera.

Urri urbanoa ekimenaren barnean dago: hirietan agertzen doazen erronkak eta aukerak aztertzeari eskainitako hilabetea, eta hiri-garapen iraunkorra sustatzen duten ekitaldi eta jardueretan parte hartzeari. Hilabeteko aurreneko astelehenean hasten du Habitaten Mundu Egunak, eta Hirien Mundu Egunak amaitzen du, urriaren 31n.

Aurten, Hirien Mundu Eguna Shanghain egingo da, Txinan, eta aukeratu duten leloa da “Tokian jardun, globalak izateko”. Hartara, nabarmendu nahi dute zeinen garrantzitsua den neurriak tokiko mailan hartzea Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzeko, zehazki, 11. helburua, Hiri eta komunitate iraunkorrak.

Tokian jardun eta etorri hiri-garraioan Mancoeducara

Ba al da billabesa baino tokikoagoa den ezer? Hiri-garraioak berdintasun handiagoa ahalbidetzen du herritarren artean, zerbitzu publikoetarako irisgarritasuna hobetzen du eta bizitzeko era osasungarriagoa eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa sustatzen du.

Mancoeducan, Etorri hiri-garraioan kanpaina jarri dugu martxan, eta haren bidez ikastetxeak animatu nahi ditugu beren karbono-aztarna murriztera, Iruñerriko garraio publikoa erabilita.

  • Ekimen honetan parte hartu nahi duzue?

Gure jardueretakoren batera billabesaz etorri nahi baduzue eta oraindik ez baduzue eskaera egin, eskaera egitean, “Oharrak” atalean, adierazi behar duzue hiri-garraioan joango zaretela, eta gu harremanetan jarriko gara zuekin, zuek txartelak biltzeko. Jarduera eskatuta baduzue, aurretik nahiko denborarekin idatzi mezu elektroniko bat eskaera-zenbakia adierazita atencion@mancoeduca.com helbidera eta gu harremanetan jarriko gara zuekin. Ikasturtea amaitutakoan erabili dituzuen garraio-txartelak bilduko ditugu.

Tokian jardun nahi duzu globala izateko? Etor zaitez hiri-garraioan!

Iruzkinak