Mancoeduca, inoiz baino iraunkorragoa!

Hemen da Mancoeduca Ingurumen Heziketarako Eskola Programa berriro, pilak kargatuta, nobedade askorekin eta esperientziak partekatzeko gogotsu; inoiz baino iraunkorrago!

2022-2023 ikasturtea hasten ari da eta Mancoeduca martxan da. Urtero bezala, Iruñerriko heziketa-komunitateari lagun egin nahi diogu iraunkortasuneranzko bidean. Hartara, baliabide eta jarduera ugari eskaintzen ditugu, ingurumenari dagokionez arduratsuak diren jokabideak ikasi eta gauzatzeko, uraren, hondakinen, hiri-garraioaren eta Iruñerriko Ibai Parkearen inguruan.

Aurrez aurre eta online aritzeko eskaintza

Aurrez aurre eta online aritzeko jarduerak ditugu, eta bai baliabide digital osagarri mordoa ere. Batu itzazu nahi duzun moduan, zeure ikaskuntza-ibilbidea sortzeko!

Nobedadeak, Ibai Parkearen arloan!

Ba al da naturan bertan ikastea baino ezer hoberik? Izugarri gustatzen zaigu Ibai Parkea esploratzea eta bertako biztanleak ezagutzea: landareak, animaliak… Eta ingurune aberats honetaz gozatzeko, ezagutu eta zaindu egin behar da. Hori dela-eta, Ibai Parkearen gaineko hainbat jarduera prestatu ditugu:

  • Ibai-parkeko landareak ezagutzen: Parkeko flora aztertzen ariko gara Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako ikasleekin.

  • Ibaiaren urtaroak: Ibaiaren kalitatea komunean duten hiru jarduera egingo ditugu. Edukia hiruhileko bakoitzean aldatuko da: aurrenekoan, ekosistemak eta biodibertsitatea landuko dira; paisaia eta geologia aztertuko dira bigarrengoan; eta hirugarrengoan espezieak identifikatuko dira. Ibaia urte osoan ikasi nahi duten eta eskaintzen ditugun hiru edukietako bakar bat landu nahi duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetarako pentsatuta dago, hain zuzen.

  • Parkeko biztanleak: Bisita egingo dugu Areatzera, Parkeko eremu berri batera. Uharten dago, eta erle polinizatzaileentzako hotel handi bat dago bertan. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek intsektuek ingurumenerako duten garrantzia ezagutuko dute. 

Jardueren eskaintza, mailaren arabera

Baliabide eta jarduera gehiagoren berri izateko gogoz gelditu bazara, eman begiratu bat jardueren eskaintza osoari mailen arabera!

Egin bat Mancoeducarekin eta lagundu iezaguzu ingurumena zaintzen. Ikasturte honetan, Mancoeduca, inoiz baino iraunkorragoa!

Iruzkinak