Artetako gatzagak

Artetako gatzagen ingurunean, ibilbide eder bat dago, hainbat alderdi erakargarri dituena, esate baterako, landare-ganga trinkoak, errota baten geldikinak, Ollarango diapiroaren erliebe berezi eta bitxia, gatzagen garai bateko instalazioak, eta Artetako iturburura (1895az geroztik Iruñerria urez hornitzen duen iturri nagusietako bat) eta mendilerrora begira egoteko ikuspegi bikainak dituen behatokia.

Artetako gatzagen ustiapenak oso jatorri zaharra du. Izan ere, garai batean oso garrantzitsua izan zen herriaren ekonomiarako, hainbat mendean ezinbesteko baliabidea izan baitzen gatza, bai elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen zelako eta bai etxean eta abereekin ere. Gatzagak elkargunea dira alderdi naturalen (geologia, hidrologia) eta gizatiarren artean (ekonomia, kultura). Egun, gatzagak beren ondare-balioarengatik kontserbatzen dira.