Egun bat erleentzat

Badakizu erleek elikagai-segurtasunean laguntzen dutela? Eta ezinbestekoak direla biodibertsitatea kontserbatzeko? Erleen Mundu Egunean, polinizatzaile horiek eta beren habitatak babestearen garrantziaz ikasiko dugu.

Erleen Mundu Eguna

Aurten, Erleen Mundu Egunaren bosgarren edizioa egingo da. Maiatzaren 20a aukeratu zuten ekitaldi honetarako, egun horretan jaio baitzen Anton Janša, erlezaintza modernoaren aitzindaria eta aditua erleetan. Hain zuzen ere, egun honen helburua da arreta jartzea erleek eta beste polinizatzaile batzuek pertsonon eta planetaren osasuna zaintzean jokatzen duten eginkizun garrantzitsuan.

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, “polinizatzaileek munduko nekazaritza-ekoizpen osoaren % 35ean laguntzen dute, mundu osoko 115 elikadura-labore nagusietatik 87 polinizatuta”. Horrenbestez, intsektu horien ongizateak eragin zuzena dauka jaten ditugun fruten, barazkien eta hazien kantitatean eta kalitatean. Halaber, polinizazioa funtsezkoa da ekosistemen biodibertsitatea babesteko, basa-landareen eta loreak dituzten landareen ekoizpen eta ugalketarako bidea ematen baitu.

Erleen eta beste polinizatzaile batzuen, hala nola tximeleten edo saguzarren, suntsipen-tasa gero eta handiagoa da. Neurri handi batean, gizakion eta nekazaritza-jarduera intentsiboaren ondorioz gertatzen da hori, pestiziden, espezie exotiko inbaditzaileak sartzearen eta klima-aldaketaren ondorioz.

Ikasi erleak zaintzen

Mancoeducan, jakitun gara polinizatzaileak eta beren habitatak babestu behar direla. Hori dela-eta, ikastetxeen eskura jartzen dugu Areatzea Resort intsektuen hotelaren webgunea, eta bai jarduera eta baliabide batzuk ere, arazo honi buruzko kontzientzia sortzen laguntzeko:

Espainiako Floraren III. Biomaratoia

Aurten, Erleen Mundu Eguna Espainiako Floraren III. Biomaratoiarekin batera egokituko da, maiatzaren 18a eta 21a artean egingo baita. Beraz, erleen eta landareen artean dagoen harreman estua aintzat hartuta, inguruan dugun flora ezagutu eta erregistratzea helburu duen herritarren zientziako ekitaldi honetan parte hartzera animatu nahi zaituztegu.

Biomaratoiaren garapenari buruzko xehetasun guztien berri edukitzeko, eman begiratu bat infografia honi:

Mancoeducan, jarduera bat prestatu dugu Iruñerriko ikastetxeok ekitaldi honetan parte hartzeko aukera izan dezazuen. Maiatzaren 19an, ostirala, Arga ibaiaren ibai-parkera aterako gara, eta espezieak ikusten eta erregistratzen lagunduko dizuegu. Izena emateko, “Herritarren zientzia Ibai Parkean: Biomaratoia” jardueraren ESKATU botoian klik egin eta formularioko eremuak bete besterik ez duzue egin behar. Ibai Parkean elkar ikusiko dugu!

Espainiako Floraren Biomaratoiaren aurreko edizioan, Nafarroako Foru Komunitateak 3. postua lortu zuen Estatuko sailkapenean. Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta postu hobea lortuko dugu aurten. Anima zaitezte eta parte har ezazue!

Iruzkinak